Clece-k bere ahotsa batu dio genero-indarkeriaren kontrako aldarri sozialari

Clece-k bere ahotsa batu dio genero-indarkeriaren kontrako aldarri sozialari

Clece Social-ek —Clece-ren proiektu Soziala— bat egin du Emakumearenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, bi sentsibilizazio-kanpainaren bidez, zeinetan parte hartu baitute bezeroek, enplegatuek, laguntzaileek eta konpainiak ematen dituen zerbitzuen erabiltzaileek.

Hirugarren urtez, kanpaina espezifikoa egin du Clece-k Azaroaren 25erako, bi ekimen martxan jarriz: batetik, “No te calles” kanpaina (‘ez hadi isildu’) Andaluzian eta Kanarietan; gainerako ordezkaritzetan, bestetik, jarraipena eman zaio “Indarkeriarik gabeko bizitza, errespetudun bizitza” kanpainari. Bi ekintzotan parte hartu duten 45.000 pertsonek ahotsa goratu dute indarkeria matxistaren kontra eta atxikimendua erakutsi diete biktimei.

«Proiektu sozialaren helburuetako bat kolektibo kalteberenen errealitate zailaren inguruan sentsibilizatzea da, eta tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeek osatzen dute talde babesgabeenetako bat. Horregatik, hiru urte daramatzagu azaroaren 25eko kanpaina hau sustatzen. Baina hau ez da datan soilik geratzen. Genero-indarkeriaren kontra hartu dugun konpromisoa urte osoan luzatzen da, sentsibilizazio etengabearen bidez eta, era berean, emakume biktimak lan-munduan integratuz», adierazi zuen José Andrés Elizaga Clece-ko Komunikazio zuzendariak.

Ospitaleak, haur-eskolak, zahar-etxeak, lantokiak, bulegoak eta erakunde publikoak… Askotarikoak eta geografia guztian banatuak dira Clece-ren kanpainen gertalekuak. Haietan, jarduera asko gauzatu dira, hala nola, elkarretaratzeak, lantegiak, hitzaldiak, muralak, olanak eta begiztak, informazio-standak edo materialen banaketak.

Isiltasunarekin haustea

“No te calles” leloarekin, hainbat ekintza egin dira joan den astean Andaluzian eta Kanarietan. Tenerifen, zenbait erakundek bat egin dute La Orotava herrian, besteak beste: Kanarietako Gobernuaren Presidentetza, La Candelaria ospitalea eta San Sebastián osasun-zentroa. Las Palmasen, Uharteko Ama Ospitalea, Negrín ospitalea eta Etxeko Laguntza Zerbitzu munizipala. Isiltasunarekin amaitu beharra dagoela sinbolizatzeko, txilibituen soinuak lagun egin die deitutako elkarretaratzeetako batzuei, zeinen artean aipatzekoak baitira Acaymo zentroko adinekoek San Cristóbal katedralean egin dutena edo Clece-ren Kanarietako Zuzendaritza Nagusiko langileek berek egindakoa.

Andaluzian ere harrera bikaina izan du. Almeríako Torrecárdenas, La Inmaculada eta Ponienteko ospitaleek eta Cádizko Puerta del Mar ospitaleak informazio-standak jarri dituzte. Málagako Unibertsitatean, 3.000 eranskailu eta 1.500 betaurreko baino gehiago banatu dira, eta photocall bat ipini dute, denek “beren eskua utzi” eta mezu bat idatzi ahal izan dezaten. Beste leku batzuetan, hala nola Andalucía estudianteen egoitzan eta haur-eskoletan, berdintasunari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko lantegiak egin dira ikasle eta profesionalentzat. Kordoban, partaide izan dira Montillako kirol-pabilioi munizipala eta honako udalerri hauetako Etxeko Laguntza Zerbitzuak: La Rambla, Doña Mencía, Torrecampo, Pozoblanco eta Rute. Montillako kirol-pabilioi munizipalean, zonako klubek emakumeen futbol eta saskibaloi partidak egin dituzte berdintasunaren alde eta genero-indarkeriaren aurka. Sevillan, Torneo Enpresa Parkeraino iritsi da “No te calles”, bai eta zuzenbideko fakultatera ere, non Clece-k parte hartu baitu “Genero-indarkeriaren forma berriak” jardunaldietan.

Indarkeriarik gabeko bizitza, errespetudun bizitza

“Indarkeriarik gabeko bizitza, errespetudun bizitza” kanpaina estatuko beste leku askotara zabaldu da, eta sentsibilizazio-ekintzen programa oparoa osatu da. Jardunaldiak antolatu dira Bartzelonan, ARED fundazioarekin lankidetzan —zeinak bere programa hau esplikatu baitu: “Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak gizartean eta lan-munduan integratzea”—, eta Valentzian, Valentziako Ospitale Nagusiaren ondoan, zeinetan gogoeta egin baita gizonek genero-indarkeriaren kontrako borrokan duten rolaren inguruan. Elda udalerriko ospitalean eta Unibertsitate Ospitale Nagusian, Alacanten, kanpainari buruzko informazioa eta materialak banatu dituzte.

Bereziki hunkigarriak izan dira haurrek parte hartutako jarduerak. Valladolideko Globo udal-eskolan, “Lumak berdintasunerako” ekimena gauzatu dute, hiru sentsibilizazio-ekintzez osatua, familien laguntzarekin. Bertara bildu dira Valladolideko Udaleko Hezkuntza, Haurrak eta Berdintasuna arloko zinegotzia eta La Rondilla emakumeen elkartea. Fantasía haur-eskola munizipalean, Huerta del Rey udalerrian, genero-indarkeriaren biktima-talde bat gonbidatu dute, zeinak “Rosa Caramelo” ipuinaren itzal-antzerkia egin baitu.

Adinekoen parte-hartzeari dagokionez, Lasarte-Oriako Atsobakar egoitza eta eguneko zentroak gonbita egin die zentroko egoiliarrei, ahaideei eta langileei, emakumearen auzo-etxeari eta “Ganchilleando Estella” taldeari, 20×20 neurriko koadroak egiteko puntuz eta kakorratzez. Palentziako Venta de Baños udalerriko zahar-etxeak belaunaldiarteko topaketa bat antolatu du Sagrado Corazón eskolako lehen-hezkuntzako haurrekin. Murtzian, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren bidez, elkarretaratzea egin dute, Udaletxeko plazan, eta manifestu bat irakurri dute bertan.

Eta, nola ez, Clece-ko enplegatuek ere aktiboki hartu dute parte. Bartzelonan, Bellvitgeko unibertsitate-ospitalean, Broggi ospitalean, Kataluniako Osasun Institutuan eta Eskualde Kontseiluko Eskola Garraioan Clece-k dituen langileek 24 peto zuri eta lila eraman dituzte jantzita egunean zehar, arazoa ikusgai egiteko. Clece-ren lantoki gehienek jarduera eten dute une batez, argazki bat egiteko.

Konpromiso baten fruitua

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek osatzen duten kolektiboaren inguruan, besteak beste, ardazten da Clece-ren proiektu soziala –Clece Social–, eta bereziki haren gainean dago sentsibilizatuta konpainia. Administrazio publikoarentzat harrera-etxeak kudeatzeaz gain, Clece-k kontzientziazio-ekimenak gauzatzen ditu, hala nola Integrazioaren aldeko Foroak, zeinak hainbat Autonomia Erkidegok antolatzen baitituzte kolektibo horren problemei buruz mintzatzeko, eta Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren kariaz egindako kanpainak. Horrez gain, munta handiko proiektu instituzionaletan dago inplikatuta, esaterako “Hay Salida” lasterketan. Konpainiak ahalegin handia egiten du, halaber, kolektibo horretako pertsonak lanean integratzeko. Egun, indarkeria matxista pairatutako 180tik gora emakumek Clece-ren langile-taldeko kide aktiboak dira. Clece-k genero-indarkeriaren biktimak laguntzeko eta integratzeko lanari ezagutza egin zion Gobernuko presidenteak 2016. urtean. Gainera, NBEn gonbidatutako konpainia bakarra izan zen, bertan aurkez zezan genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak integratzeko daukan eredua.