Clece-k kudeatzen dituen adindunentzako eguneko zentro bik “Libres de sujeciones” ziurtagiria jaso dute

Clece-k kudeatzen dituen adindunentzako eguneko zentro bik “Libres de sujeciones” ziurtagiria jaso dute

 

  • Ziurtagiriak bermatu egiten du zentrootan ez dela ez lokarri fisikorik ez farmakologikorik erabiltzen adindunak eta Alzheimer duten pertsonak artatu eta zaintzeko orduan
  • Espainian, adindunentzako lau eguneko zentrok soilik jaso dute ezagutza hori

Santander, 2016ko urtarrilaren 22a. Parayas (Camargo) eta General Dávila (Santander) Eguneko Zentroek “Centro Libre de Sujeciones” (“lokarririk gabeko zentroa”) akreditazioa jaso dute gaur goizean CEOMAren eskutik (Adindunen Erakundeen Espainiako Konfederazioa). Bi zentrook Kantabriako Gizarte Zerbitzuen Institutuaren (ICASS) eguneko zentroen sareko kideak dira, eta Clece-k kudeatzen ditu.

Isabel Lebrero-k, zentroen zuzendariak, jaso du akreditazioa Antonio Andrés Burgueño doktoreak emana, zeinak zuzentzen baitu “Desatar al anciano y al enfermo de Alzheimer” programa (“adinduna eta Alzheimerra duena deslotzea”), hura 2003an sortu zenetik. Honako hauek ere izan dira ekitaldian: Felisa Lois, ICASSen zuzendaria; Miguel Ángel Cavia, ICASSen Mendetasuneko zuzendariordea; Mª Antonia Astuy, ICASSen Komunitate Baliabideen sailburua; José Manuel Millán, Clece-ren Gizarte Zerbitzuen gerentea; eta Pilar Elena Sinobas eta Rocío Cardeñoso, Kantabriako Erizaintza Elkargoaren ordezkariak.

Hala, Parayas eta General Dávila Eguneko Zentroek bat egin dute Espainian prestigio handiko akreditazio hori duten zahar-etxeen eta adindunentzako zentroen talde txikiarekin. CEOMAren zentro akreditatuen erregistroaren arabera, orain arte 24 zahar-etxek eta 2 zentrok soilik zeukaten ziurtagiri hori. Ezagutza horrek bermatu egiten du zentrootan ez dela ez lokarri fisikorik ez farmakologikorik erabiltzen adindunak eta Alzheimerra duten pertsonak artatu eta zaintzeko orduan.

Isabel Lebrerok eskertu du “guztien inplikazioa, eta ziurtagiri hau lortze aldera egindako talde-lan eskerga. Horrek lehen lerroan jartzen gaitu arreta gerontologikoaren eraldaketan, zeinaren aurrerapen handietako bat, hain zuzen, izan baita lokarririk gabeko arretan gertatutako bilakaera, adindunei eta haien ahaideei ongizate eta bizi-kalitate handiagoak emateko”. Zentzu horretan, Isabel Lebrerok Trieste “lokarririk gabeko hiria” ipini du “ereduzko esperientzia eta jarraibide” gisa. Italiako hiri horretatik Fabio Cimador jaunak, horren sustatzaileak, zorion-hitz batzuk bidali dizkie akreditatu berri diren zentroei. Lebrerok berak bertaratutakoei irakurri dizkie hitz horiek, zeinetan Cimadorrek azpimarratu baitu “zein kaltegarriak” izan daitekeen lokarrien erabilera, praktika erabat orokortua bada ere.

Bere aldetik, Antonio Andrés Burgueño doktoreak zorionak eman dizkie zentroei “bat egiteagatik eredu humanoago eta etikoago batekin, nahiz eta ahalegin handia egin beharra dagoen, zeren lan-kultura aldatzea eskatzen baitu, profesionalengan zein familien jarreran, eta prestakuntza handia, bai eta aldaketak ere ingurunean, erakundean eta tresnerian, giro segurua bermatuko bada”.

Lokarriak erabili izan dira paziente mota jakin batzuengan arrisku-egoerak eragozteko. Arreta gerontologikoaren bilakaerak frogatu du lokarrien erabilera hori adindunari eman behar zaion luzaroko zaintzaren helburuen kontra doala. Beste problema batzuen artean, ultzerak eragin ditzake presioa dela eta, inkontinentzia, giharren atrofia edo jokabidearen nahasmenduak. Egiaztapen horrek bultzatu du estrategia-aldaketa, lokarririk gabeko arreta baten alde.

Argazkian: Antonio Andrés Burgueño, “Desatar al anciano y al enfermo de Alzheimer” programaren zuzendaria; Felisa Lois, ICASSen zuzendaria; Isabel Lebrero, Parayas eta General Dávila eguneko zentroen zuzendaria; eta José Manuel Millán, Clece-ren gizarte-zerbitzuen gerentea.