Teatros del Canal eta Teatro Auditorio San Lorenzo de El Escorial antzokien kudeaketa integrala berritu da

2015eko urtarrila. CLECE-k berritu du Madrileko Erkidegoan dauden Teatros del Canal eta Teatro Auditorio de San Lorenzo del Escorial antzokien kudeaketa eta ustiapena. Berritzea 2015eko urtarrilean egin da, sei urteko kudeaketaren ondoren, eta 1.200.000 ikusle eta 700 ikuskizun baino gehiago hartu eta gero. Kontratua bi urtekoa da, eta bi urteko beste bi berritze izan ditzake: guztira, 6 urtera arte.

Bi kultur espazio horien kudeaketa integralak barne hartzen ditu, besteak beste, zerbitzu hauek: instalazio eta ekipamendu eszenikoen mantentze integrala; jarduera eszenikoak eta ez-eszenikoak gauzatzeko behar diren zerbitzuak, hornidura eta laguntza teknikoa; sarreren salmenta, marketina eta komunikazioa; leihatila-zerbitzuak, sarbide-kontrola, aretoko laguntza, jendartearentzako informazioa; otordu-zerbitzuak; eta garbiketa-, segurtasun- eta zaintza-zerbitzuak.

Teatros del Canal: ikusle gehiago, konpromiso handiagoa, kalitate handiagoa
2009ko otsailean ireki zutenetik, Teatros del Canal zentroak 580 ikuskizun eskaini ditu, eta haren batez besteko betetze-portzentajea % 72 izan da. Askotariko programazioak 1.200.000 ikusle baino gehiago erakarri ditu 2.700dik gorako emanalditara. Kudeatutako beste espazioetarik bat, Madrileko Erkidegoko zentro koreografikoa –Centro Danza Canal (CDC)–, 120tik gora sorkuntza-proiekturen sorreraren lekuko izan da.

Nabarmentzekoa da, halaber, enpresa askok antolatutako ekitaldien egoitza izan dela, besteak beste: Goya saridungaien gala, Coca-Colaren Zoriontasun Biltzarra, Alma Fundación Real Madrid sarien gala, bai eta hainbat elkarteren topaketa profesionalak ere, hala nola Club Excelencia en Gestión, Instituto de Empresa, Wolters Kluwer eta Garrigues.

Gizarte-esparruan, kudeaketa-eredu honek kultur jardueraren errendimendu soziala lortu nahi du. Herritar guztien parte-hartzea errazteko, hainbat eta hainbat jarduera prezio onean eskaintzen ditu, eta arreta berezia jartzen du 65 urtetik gorakoengan, gazteengan eta langabeengan. Beste ekimen batzuen artean, urtean hainbat alditan, doako sarrera duten jarduerak eskaintzen ditu, esaterako, musika-taldeen maratoiak eta ate irekien jardunaldiak. Hasi-hasieratik, ikasleentzako heziketa-programa bat izan du, urtero 20.000 eskola-ume biltzen dituena. Más que cultura leloa hartuta, eta Madrileko Erkidegoko Joven Orquesta y Coro eta SaludArte fundazioarekin elkarlanean, Teatros del Canal zentroak laguntza ematen die zenbait proiektu soziali, desgaitasunak dituzten edo bazterketa soziala pairatzeko arriskuan dauden pertsonentzat. Horrez gain, parte hartzen du Teatro Accesible proiektuan, zeinak emankizun egokituak eskaintzen dizkien ikusleei.

Kalitateari dagokionez, 2012. urtean Madrileko Erkidegoko Teatros del Canal zentroa izan zen kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketa integraleko ziurtagiri bikoitza eskuratu zuen Espainiako lehen espazio eszenikoa. Hain zuzen ere, Kalitatearen kudeaketako UNE EN ISO 9001 eta ingurumenaren kudeaketako ISO 14001 ziurtagiriak lortu zituen.

Teatro Auditorio San Lorenzo de El Escorial, jaialdien egoitza
Teatro Auditorio de San Lorenzo de El Escorial antzokia Espainiako espazio eszeniko sofistikatuenetako bat da, ikuspuntu teknologiko eta arkitektonikotik begiratuta. 25.401 metro koadroko eremu eraikia du, hamar solairutan banatuta dagoena, horietarik zortzi lur azpian, eta, horrenbestez, eraikinaren bolumenaren bosten bat baino ez da ikusgai kanpoaldetik. Programazioari dagokionez, hiru jaialdi garrantzitsu daude urtean zehar: Aste Santuan, Eguberrietan eta udan. Jaialdiok musika dute protagonista, eta askotariko programazioa eskaintzen dute: opera, zartzuela, kontzertu sinfonikoak eta ganberakoak, bai eta dantza-ikuskizunak eta haurrentzako emanaldiak ere.