Desgaitasunak dituzten pertsonak surflari, Las Palmas Kanaria Handikoko Nazioarteko Surf Egunean

Desgaitasunak dituzten pertsonak surflari, Las Palmas Kanaria Handikoko Nazioarteko Surf Egunean

Las Palmas Kanaria Handikoa, 2014ko ekainaren 21a. Clece-k bat egin du Las Palmas Kanaria Handikoan egin den Nazioarteko Surf Egunarekin, Las Canteras hondartzan, surfa adimen-desgaitasunak dituzten pertsonengana hurbiltzeko, Surf para todos (“surfa denontzat”) programaren bidez. Clece k, Hopupu SURF eskolarekin elkarlanean, adimen- eta zentzumen-desgaitasunak dituztenei aukera eman die egun berezi bat uretan gozatzeko, gainerako surflariekin batera, kirol-jardueren begirale eta teknikarien laguntzaz.

Kanaria Handiko Surf Eskolen Elkarteak eta hiriburuko udalaren Ciudad de Mar-eko zinegotzi-bulegoak Nazioarteko Surf Egunaren kariaz antolatu duten jarduera-programa zabalean sartu da “Surf para todos” ekimena. Egunean zehar, 20.000 pertsonatik gora inguratu dira Las Canteras hondartzara; bertaratutakoek surfaren onuren eta balioen berri izan dute, eta, horrez gain, hastapen-eskolak eman dira maila guztietan.

La Laja hondartzatik Las Canteras hondartzara
Desgaitasunak dituzten pertsonei onura horien berri emateko, hain zuzen ere, jarri zuen abian Clece-k “Surf para todos” ekimena duela hiru urte. Gizarte-proiektu terapeutiko hori Telde udalerriko San José de Las Longueras auzoan dagoen Elbarri Psikikoentzako Arreta Zentroak (CAMP) sortu zuen, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat. Zentroa Clece-k kudeatzen du. Proiektuaren helburua da pertsona horiei –besteak beste, autismoa, Down sindromea, mikrozefalia edo garun-paralisia pairatzen dutenak– aukera ematea aisia-jardueren bidez modu normalean integratu daitezen, eta, kirol horren eta hondartzen onurez baliaturik, jarduera terapeutiko ezberdin bat egin dezaten.

Onura horien artean honako hauek aipa daitezke: aire zabalean jarduera bat egin ahal izatea, itsasoari eta eguzkiari (elioterapia) lotutako propietateak, trebetasun sozialak garatzea, propiozepzioa (nork bere gorputzaren kontzientzia hartzea), janzteko eta eranzteko funtzioak, eta estimulu fisikoak eta errehabilitaziozkoak.

Ekimenak duen izaera berritzailea eta soziala kontuan izanik, oraingo honetan Clece-k jarduera lekuz aldatu nahi izan du, haren ohiko gertaleku izan den La Laja hondartzatik Las Canteras hondartzara. Hala, bat egin du Las Palmas Kanaria Handikoko Nazioarteko Surf Egunarekin.