“Kolektibo kalteberetako langileek motibazioa eta inplikazioa ekartzen diete enpresei, eta lan-giroa hobetzen dute”

“Kolektibo kalteberetako langileek motibazioa eta inplikazioa ekartzen diete enpresei, eta lan-giroa hobetzen dute”

“Clece, integrazioaren alde” IV. Foro-Hizketaldiak sozialki kalteberak diren kolektiboen lan-munduratzeari heldu dio
Clece-k, ekimenaren sustatzaileak, kolektibo horietako 6.549 pertsona integratzen ditu bere 73.200 laguneko langile-taldean.

Valladolid, 2016ko ekainaren 3a. Enplegagarritasuna hobetzea eta alor publiko zein pribatuko lankidetza bultzatzeko formulak arakatzea: horiei esker lortuko dugu denontzako aukera-berdintasuna bermatuko duen lan-merkatu bat. Horixe izan da konklusio nagusietako bat atzo “EMPLEANdo el talento” lelopean egin zen “Clece, Integrazioaren alde” IV. Foroan, Valladolideko Calderón antzokian.

Clece enpresak antolatutako Foro horretan, hainbat eragile elkartu ziren, integrazioaz eta sozialki kalteberak diren kolektiboez jarduteko, hala nola: desgaitasunak dituzten pertsonak, bazterketa soziala arrisku duten pertsonak, genero-indarkeriaren biktimak eta gazte langabetuak.Ekitaldian, honako hauek hartu zuten parte: antolatzaileen partez, Rafaela Romero Viosca, Valladolideko Udaleko Gizarte Zerbitzuen zinegotzi-ordezkaria, eta Carlos Raúl de Pablos Pérez, Gaztela eta Leongo Juntaren Familia eta Aukera Berdintasuna saileko Gizarte Zerbitzuen eskualde-gerentea; hezkuntza-sektorearen izenean, Felicidad Viejo Valverde, Valladolideko Unibertsitateko (UVA) ikasleen errektoreordea; eta lan-orientazioaren alorretik, Verónica Muñoz Salgado, Valladolideko Udaleko Lan Orientatzailea. Clece-ren aldetik, han izan ziren Cristóbal Valderas, Clece-ko presidentea, eta Purificación González, Clece-ren Giza Baliabideetako zuzendaria; biok enpresa pribatuaren ikuspuntua eman zuten. Langileen testigantzak, berriz, Clece-ko bi enplegatu hauen eskutik heldu ziren: Melanie Blanco García eta María Fernández Barrul.

Melanie Blanco Garcíak, gazteen kolektiboaren izenean, eta genero-indarkeriaren biktima den María Fernández Barrulek partekatutako esperientziek agerian ipini zuten ezen, kalteberatasun-egoeren arrazoiak askotarikoak izanik ere, kolektibo guztiek elkarrekin dituzte lan-merkatuan sartzeko hesiak. Foroan aipatutako hesi nagusien artean, honako hauek nabarmendu ziren: trebakuntza eta prestakuntzaren urria; motibazio gabezia; esperientzia txikia eta informaziorik eza. Problemoi ingurunearen egoerak erantsi behar zaizkie, hala nola lan-prekarietatea eta estereotipo zein aurreiritzi sozialak.

Zailtasunoi aurre egiteko, Carlos Raúl de Pablos Pérezek itun sozialaren balioa nabarmendu zuen. «Gizarte Zerbitzuen ereduaren arrakasta honetantxe datza: protagonista ez da Junta; aitzitik, tokiko korporazioekin egiten duen elkarlanean eta itun sozialean oinarritzen da». Itun sozial hori agerian ipintzen da administrazio autonomikoak 2016-2020 aldirako martxan jarritako II. Enplegu Estrategia Integratuan, non Lan Plan Espezifiko bat jasotzen den kolektibo kalteberentzat. «Gastu sozialaz baino gehiago, inbertsio sozialaz hitz egin behar da, zeren inbertitzen den euro bakoitzeko, halako 2,3 itzultzen baita gizartera», adierazi zuen.

Tokiko administraziotik, Rafaela Romero Vioscak azpimarra jarri zuen alor publiko zein pribatuko lankidetzaren potentzialean eta politika publiko arduratsuan, eta honelako neurrien alde egin zuen: «Lan Zentro Berezietarako kontratuen erreserbak sartzea eta kontratu publikoetan klausula sozialak txertatzea». Horren helburua da egoera desabantailatuan dauden pertsona eta kolektiboei enplegua lortzen laguntzea. Halaber, Rafaelak enpleguaren kalitatearen gainean lan egiteko beharra nabarmendu zuen; hala eginez, «soldata eskasen eraginez, langileak ere pertsona kalteberak izan daitezela» saihesteko.

Lan-eskaerara egokitzea heziketa

Integrazioa sustatzeko dagoen erronka handietako bat pertsonen enplegagarritasuna areagotzean datza, horretarako orientazioa, lanbide-heziketa eta laneratze-laguntza baliatuz.
Hezkuntzaren alorretik Felicidad Viejo Valverdek adierazi zuenez, «ikasleek, praktiken bidez, laguntza handia eskuratzen dute», lan-munduratzea errazteko. Gainera, Unibertsitatetik beste ildo bat sustatzen da: «mugikortasuna, bekei esker gazteak kanpora joan ahal izan daitezen, bai eta prestatu eta eskarmentua hartu ere». Lan-orientazioaren alorretik, Verónica Muñoz Salgadok azaldu zuen ezen «iraupen luzeko langabeen kronifikazioa izari handiko arazoa» dela lan-merkaturatzeko bidean gertatzen diren kalteberatasun-egoeren artean.

Enpresaren erantzukizuna

Cristóbal Valderas Alvaradok esplikatu zuenez, «Clece-n, eredu integratzaile batean egin da lan, eta horrek erakusten du enpleguak funtsezko eginkizuna duela aukera-berdintasunean eta ekitate sozialean. 350 elkarteren eguneroko kolaborazioarekin, egun, gure langile-taldeko 6.549 enplegatu sozialki kalteberak diren kolektiboetatik datoz. Hiru urtean soilik, 3.000 pertsonatik 6.500 pertsonara pasa gara». Kolektibo kaltebera horien artean, Clece-ko Presidenteak ohartarazi zuen arrisku berezia dutela «45 urtetik gorakoek, zeinetarik asko iraupen luzeko langabeak diren eta familia ardura handiak dituzten». Purificación González Pérezek azpimarratu zuen nahitaezkoa dela «elkarrekiko funtzionamendua hobetzea hirugarren sektoreak, administrazioak eta enpresek eratzen duten triangeluan», egoera desabantailatuan dauden pertsonen integrazioa lortzeko; izan ere, halakoek balio «ukiezinen ekarpena egiten dute, hala nola motibazioa, inplikazioa eta lan-giroaren hobekuntza, eta ereduzkoak gertatzen dira egoera konplikatuak gainditzeko orduan».

Lehen pertsonan

Gazteen ordezkari gisa, Melanie Blanco Garcíak baikortasuneko mezua zabaldu zuen. Izan ere, berak karrera-amaierako lana egin ahal izango du Clece-k eman dion lan-aukerari esker. Mariak, berriz, bere belaunaldiak aurrean dituen erronka handien jakitun, gazteentzat aldarrikatu zuen «bizi bat, etxe bat izateko abagunea, eta gurasoen mende ez egotekoa, zeren haiek ere une zailak izaten baitituzte maiz». Bere aldetik, genero-indarkeriaren biktima den María Fernández Barrulek enpleguan aurkitu zuen irtenbidea. «Lanean gauzatzen dut neure burua, eta satisfazio handia hartzen dut seme-alabei laguntzean eta neure kabuz moldatzean». Bere egoera berean izan diren emakume guztiak animatu zituen «amorerik ez ematera, burutik ezinak kentzera, zeren, finean, beti baitago bide bat genero-indarkeriatik irteteko».