"Beharrezkoa da estereotipoak gainditzea, desgaitasunak dituzten pertsonek aukera berberak izan ditzaten enpleguan"

Kolektibo horren enpleguko eta langabeziako tasek balio guztiz negatiboak dituzte, gainerako biztanleriarekin alderatuta

Informazio falta eta eskainitako lanpostuetako izangaien desegokitasuna: oztopo horiek zaildu egiten dute desgaitasunak dituzten pertsonen kontratazioa

Ezjakintasuna, profil eta postuen arteko desegokitasuna eta enpresaburuen pertzepzio okerra: horiexek dira desgaitasunak dituzten pertsonen oztopo handienak lan-merkatuan besteen aukera berberekin sartzeko. Konklusio hori atera dute, beste batzuen artean, “Clece, integrazioaren alde” V. Foroan, zeina joan den asteazkenean egin den, “Hobetzeko gai” lelopean, Malagako Echegaray antzokian, Clece enpresak antolatuta. Han bildu dira desgaitasunak dituzten pertsonen lan-integrazioan inplikatutako hainbat eragile, kolektibo horrek lana aurkitzeko orduan dituen hesi eta aukerei buruz hitz egiteko.

Francisco Manuel de la Torre Prados, Malagako alkatea, izan da ekitaldiari hasiera eman diona. Honek Clece-ri eskertu dio Malaga hautatu izana V. Foroa egiteko. Hauek izan dira hizlariak: Francisca Bazalo Gallego, Malagako Udaleko Alkateordea, Irisgarritasun Arloko Ordezkaria eta kirolari paralinpikoa; Ana Maria Jiménez Bartolomé, Malagako Diputazioko Gizarte Zerbitzuen eta Laguntza Zentroen Zuzendari Teknikoa; Cristina San Millán Valls, Malagako Balorazio eta Orientazio Zentroko Zuzendaria eta Andaluziako Juntako Irisgarritasuneko Zinegotzi Ordezkaria; Miguel Ángel de Pedro, Adecco Fundazioko Ekialdeko Koordinatzailea; Cristóbal Valderas Alvarado, Clece-ko Presidentea; Purificación González Pérez, Clece-ko Giza Baliabideetako Zuzendaria; eta Lola Torre Montilla, Malagako Udaleko ELZren Koordinazio Arduraduna. Halaber, hizlari aritu dira Laura Ramos Nuñez eta Antonio Bueno Tejado, desgaitasunak dituzten langileak.

Topaketan nabarmen geratu da desgaitasunak dituzten pertsonen kolektiboak pairatzen duen baldintza-berdintasunik eza, gainerako biztanleriarekin alderatuta. Hala, 2014ko datuen arabera, Espainiako biztanleen langabezia-tasa % 20,3 zen; desgaitasunak dituztenen artean, berriz, langabezia % 32,2ra iritsi zen. Gainera, desgaitasunak dituzten gazteen artean, % 67,6ko langabezia-tasa zegoen. Testuinguru horretan, % 81 enpresak baino gehiagok ez dute betetzen desgaitasunak dituzten langileen % 2ko integrazio-kuota.

Francisca Bazalo Gallegok –Malagako Udaleko Alkateordea, Irisgarritasun Arloko Ordezkaria eta kirolari paralinpikoa– adierazi du profilen desegokitasuna dela horren arrazoietako bat. “Ez da erraza lan-integrazioaren alde egitea, zeren desgaitasunak ditugun pertsonok, historikoki, ez baitugu behar bezalako heziketa jasotzeko aukerarik izan. Horren ondorioz, ez gara prestatuta egon zenbait lanpostutan sartzeko. Baina garaiak aldatu egin dira, eta orain eskatu behar da gu ezagutzeko aukera eman diezagutela”.

Bere aldetik, Ana Maria Jiménez Bartolomék –Malagako Diputazioko Gizarte Zerbitzuen eta Laguntza Zentroen Zuzendari Teknikoa– esan du ezen, Diputazioaren kasu zehatzean, “desgaitasunak dituzten pertsonak kontratatzean, legeak behartutako % 2a gainditzen dela, bai % 7ra iristen ere, eta neurri positiboak sustatzen direla. Hala, egoera ekonomiko bertsua duten enpresen artean, desgaitasunak dituzten enplegatu gehien dauzkatenen kontratazio publikoa bultzatzen da”.

Cristina San Millán Vallsek –Malagako Balorazio eta Orientazio Zentroko Zuzendaria eta Andaluziako Juntako Irisgarritasuneko Zinegotzi Ordezkaria– enplegua bilatzeko orduan “kolektibo horrek duen prestasun ona” nabarmendu du, bai eta “lehentasuna eman behar zaiola lanarekin lotutako gaien balorazioari, enplegua baita integrazioaren giltza”.

Miguel Ángel de Pedroren ustez –Adecco Fundazioko Ekialdeko Koordinatzailea–, ezjakintasuna da oztopo handienetako bat. “Ezezagun denak beldurra eragiten du; beldurrak, arbuioa. Oso garrantzitsua da harmonia lortzea pertsonaren eta enpresak eskain dezakeenaren artean”.

Desgaitasunak dituzten 229 langile Malagako Clece-n

Foroa Clece Social-en kokatzen da, konpainiaren proiektu sozialean alegia, zeina zuzenduta dagoen egoera sozial ahuleko kolektiboei (adibidez, desgaitasunak dituzten pertsonak, bazterketa soziala arrisku duten pertsonak, genero-indarkeria pairatzen duten emakumeak eta iraupen luzeko gazte langabeak), bai eta arreta-beharrizan bereziak dituzten kolektiboei ere (haurrak eta adinekoak, kasu). Haientzat, konpainiak lau jardun-lerro garatzen ditu: Enplegagarritasuna, Integrazioa, Sentsibilizazioa eta pertsonen Zaintza.

Testuinguru horretan, Clece-k lan-integraziorako egiten duen langintzak ahalbidetu du bere langile-taldeko % 9,8 baino gehiago, gaur egun, kolektibo horietatik etortzea. Estatu-mailan dituen 73.852 enplegatuetatik, 7.300 dira integrazioko langileak, eta, zehazki, 5.194k desgaitasun motaren bat dute. Malagaren kasuan, Clece-k 4.163 enplegatu ditu; horietatik, 327 datoz kolektibo desabantailatuetatik, eta 229k desgaitasunen bat dute.

Antonio Bueno Tejado eta Laura Ramos Nuñez langile horietako bi dira. Antoniok, zeinak % 37ko desgaitasun sentsoriala duen ezkerreko belarrian –istripu baten ondoriozko hipoakusiak eraginda–, Mantentze-teknikari gisa egiten du lan Fuengirolako Udaletxean. Haren iritziz, “lana lortzeko egokiera baten moduan ikusi behar da desgaitasuna. 45 urterekin, elbarritasunak lana aurkitzeko esparru bat ireki zidan”. Bere aldetik, Laura Ramos Nuñezek –hark ere gerora gertatutako entzumen-desgaitasuna du, % 65ekoa– entzuleei kontatu die nola desgaitasunak dituzten pertsona askok aurre egin behar izaten dioten berak “ikasitako babesgabetasuna” deritzonari, hau da, “denek sarritan ez duzula balio eta horrek amore emanaraz diezazukeela behin eta berriz esatearen” efektu negatiboari. Orain, Malagako Udaleko ELZko laguntzaile da Laura, Integra CEE-n.

“Antonio eta Lauraren arrakasta-kasuen modukoak lortzeko eta langile-taldean % 9,8tik gorako integraziora iristeko, behar-beharrezkoa da estereotipoak haustea eta langileen gaitasunak ikustea, ez haien desgaitasunak. Ez da prozesu erraza, baina konpainia handiok bidea urratzeko erantzukizuna dugu, behin hesiak kenduta kolektibo horren kontratazioa normalizatzera irits gaitezen”, adierazi du Cristóbal Valderas Alvaradok, Clece-ko presidenteak. Halaber, esan du: “Kontratazio publikoan klausula sozialak sartzea bide egokia da kolektibo horren integrazioa errazteko”. Bestetik, aditzera eman du ezen “desgaitasunak dituzten pertsonen kaptazioa batez ere Fundazio eta Elkarteen bitartez egiten dela. Horregatik, Clece-ren proiektuan, funtsezkoa da elkarlanean aritzea 350etik gora entitaterekin”.

Purificación González Pérezek –Clece-ko Giza Baliabideetako Zuzendaria– gogorarazi du beharrezkoa dela “hesiak eta estereotipoak apurtzea, inplikatutako alde guztietatik. Elkarrizketara doan izangaiak bere desgaitasunaren berri eman behar du, eta enpresak ezagutu behar ditu hura kontratatzeko eskura dituen abantailak. Eta Hautaketa sailetik ikusi behar da profila egokia denetz”. Integrazioaren proiektua iraunkorra eta sendoa izateko behar diren beste gako batzuk honako hauek dira: “Langileari hasieratik laguntasuna ematea eta geroko jarraipena egitea, eta enplegatu guztiak sentsibilizatzea eta proiektuan inplikatzera bultzatzea” .

Lola Torre Montillak –Malagako Udaleko ELZren Koordinazio Arduraduna– azpimarratu du lankideen inplikazioa garrantzitsua dela, zeren “esperientzia oso positiboa baita eta, azkenean, ez baituzu ezberdintasunik ikusten desgaitasunak dituzten eta ez dituzten langileen artean”.

Mobilizatzeko sentsibilizatzea

Integrazio-langintza garrantzitsuarekin batera, Clece Social-ek ahalegin handia egiten du sozialki kalteberak diren kolektiboen errealitate sozialari buruz sentsibilizatzeko. Horretarako, beste batzuen ekimen sozialak sostengatzen ditu, hala nola jardunaldiak, herri-lasterketak eta kanpainak; era berean, ekimen propioak bultzatzen ditu. Aipagarrienen artean: Compromiso Sariak, integrazioaren aldeko foro-hizketaldiak eta www.clecesocial.es ataria. Malaga izan da integrazioaren aldeko bosgarren foro-hizketaldi honen egoitza. Aurreko edizioak hiri hauetan egin ziren: Madril, Valentzia, Las Palmas Kanaria Handikoa eta Valladolid; eta, hurrenez hurren, gai hauek jorratu ziren: desgaitasuna, genero-indarkeria, bazterketa eta kolektibo sozialki kalteberak.

Galería V Foro por la Integración