Clece-k bat egin du “la Caixa” Incorpora programarekin, esklusio soziala arrisku duten pertsonen kontratazioa sustatzeko

Clece-k bat egin du “la Caixa” Incorpora programarekin, esklusio soziala arrisku duten pertsonen kontratazioa sustatzeko

  • Hitzarmena sinatuz, beren lankidetza indartu dute bi entitateok. 2011n hasitako elkarlan horren bidez, enplegua aurkitzeko laguntza ematen diete kolektibo kalteberetako kideei, hala nola: desgaitasunak dituzten pertsonak, esklusioa arrisku dutenak, genero-indarkeriaren biktimak eta iraupen luzeko langabetuak.
     

Madril, 2019ko urtarrilaren 25a.- Clece-k eta “la Caixa”k lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute esklusio soziala arrisku duten pertsonen lan-munduratzea sustatzeko, Incorpora programaren bidez. Finantza erakundeak sortutako programa horren helburua kolektibo kalteberen kontratazioa handitzea da, bai eta informazioa, formazioa eta aholkularitza ematea jarduketa horretan parte hartzen duten enpresei.

Hitzarmena gaur sinatu dute CaixaForum Madrid zentroan Purificación González Clece-ren Giza Baliabideetako zuzendariak eta Marc Simón “la Caixa” Banku Fundazioaren zuzendariorde nagusiak.

Hitzarmen horren ondorioz, konpainia konprometitzen da esklusioa arrisku duten pertsonen kontratazioa Incorporaren bitartez sustatzera Espainia osoan. Programaren bidez, enpresak bete beharreko profil profesionalen berri emango du; eskari hori, gero, programan parte hartzen duten entitateekin partekatuko da, zeinek aurrez hautatuko baitituzte izangaiak.

Clece eta Incorpora 2011. urtetik aritu dira elkarlanean Espainiako lurralde batzuetan, eta oso emaitza onak lortu dituzte (guztira, 3.328 eskaintza kudeatu dira, eta 3.215 laneratze bideratu). Orain sinatutako hitzarmenak, berriz, lankidetzan sakonduko du, eta lan-integrazioko prozesuen kalitatea hobetuko du programako parte-hartzaileentzat.

 

Incorpora: lan-integrazioa sustatuz

Incorpora 2006an jaio zen helburu honekin: zubiak eraikitzea lan-integrazioan diharduten enpresen eta entitate sozialen artean, eta lankidetza-giroa eta aukerak sortzea premia handiena dutenentzat. Honelako kolektiboetako kideak ditu jopuntuan ekimenak: desgaitasunak dituzten pertsonak, esklusioa arrisku duten gazteak, preso ohiak, genero-indarkeriaren biktimak eta iraupen luzeko langabeak.

Incorporak doako aholkularitza eta jarraipena eskaintzen die enpresei erantzukizun sozialeko ekintzetan; kasu honetan, gizarte-egoera ahulean dauden pertsonen lan-integrazioan zentratzen da zerbitzua.

Proiektua sendoturik, are ekonomiaren egungo egoeran, agerian geratzen da nola, programaren bidez, enpresek bide bat aurkitzen duten hurbileneko ingurunea hobetzen laguntzeko eta langabezia arintzeko.

Clece-ren proiektu sozialak, Integrazioa eta Sentsibilizazioa ardatz hartuta, kolektibo sozial kalteberenen inklusioa du helburu. Gaur egun, langileen % 11,6 –8.749 enplegatu– kolektibo hauetako kide dira: dibertsitate funtzionala duten pertsonak, esklusioa arrisku dutenak, genero-indarkeriaren biktimak eta gazte langabeak. Horretarako, elkarlanean dihardu 350 elkarte, fundazio, entitate sozial eta erakunde publikorekin.