Clece-k entitateak eta hedabideak saritu ditu, genero-indarkeriaren kontra hartutako konpromisoagatik

Clece-k entitateak eta hedabideak saritu ditu, genero-indarkeriaren kontra hartutako konpromisoagatik

Clece-ren proiektu soziala den Clece Social-ek Konpromiso Sariak banatzeko ekitaldia egin du azaroaren 20an. Laugarren edizio horretan, ezagutza egin zaie hainbat entitateri, hedabideri eta pertsona ezaguni, genero-indarkeriaren kontrako borrokan hartutako konpromisoagatik.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeekin lotuta, irabazi-asmorik gabeko zenbait entitatek euren proiektuak aurkeztu zituzten Proiektu Sozial Onenaren kategorian. Horietatik, sari bana eraman dute Santa María La Real fundazioak, Asociación de Xóvenes Emprendedores de Lugo elkarteak eta Don Bosco fundazioak. Bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu. Kazetaritza Lan Onenaren kategorian, Marisa Kohan Público egunkariko kazetariak irabazi du 7.000 euroko saria.

Genero-indarkeriaren alorrean gehien nabarmendutako Sentsibilizazio Ekimenaren Saria, berriz, kanpaina honek irabazi du: “Tolerancia Cero. Contra el maltrato, la fuerza de todos”, Antena3 Noticias-ek eta Fundación Mutua Madrileñak antolatua. Clece-rekin lankidetza estuena izan dutenei dagokienez, Candelita elkarteak eta ARED fundazioak lortu dute garaisaria. Halaber, epaimahaiak sari berezi bat eman dio Guardia Zibileko María José Garrido Antón kapitainari.

Bihotz-bihotzeko omenaldia

Aurtengo galan, gogoan izan dute denek epaimahaiburu Luis Lorente, zeina egun batzuk lehenago hil zen. «Gizon bikain batek utzi gaitu, buru pribilegiatu baten eta sekulako gizatasunaren jabe zen gizonak. Ohorea izan da guretzat bera epaimahaian izatea eta, inondik ere, ezin ezabatuzko aztarna utzi du sari hauetan. Berak bere egin zituen hasiera-hasieratik, eta esker onekoak izango gatzaizkio beti», adierazi du José Andrés Elizagak, Clece-ren Komunikazioko eta Harreman Instituzionalen zuzendariak.

Lehiaketaren kategoriak

Lehiaketaren edizio honetako kategorien barruan, epaimahaiak Proiektu Sozial Onenaren Saria eman die zazpi elkarte finalistetarik hiruri:

  • Santa María La Real fundazioa, Aguilar de Campoo (Palentzia). Proiektua: “Empleo Mujer de Castilla y León”. Helburua: Gaztela eta Leonen gizarte-egoera bereziki ahulean dauden emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko bideak sustatzea eta haien enplegagarritasuna hobetzea. Gaur arte, 513 emakumek hartu dute parte programan, zeinetatik 234 izan diren genero-indarkeriaren biktima.
  • Asociación de Xóvenes Emprendedores (AXEL) de Lugo. Proiektua: “Blíster, píldoras del conocimiento”. Helburua: emakumeak prestatzea eurenak izan ohi ez diren lan-arloetan –hala nola: elektrizitatea, iturgintza, lorezaintza, eta abar– eta, hala eginez, genero estereotipoak apurtzea. Genero-indarkeriaren biktima diren 20-30 emakumeengana iritsi nahi dute Lugoko probintzian.
  • Don Bosco fundazioa, Kordoba, Las Palmas Kanaria Handikoa eta Badajoz. Proiektua: Genero-indarkeriaren biktimekiko “Itinerarios integrados de Inserción Sociolaboral”. Helburua: genero-indarkeriaren biktimen enplegagarritasuna hobetzea. 800 enpresak baino gehiagok elkarlanean dihardute proiektuarekin, haren Enplegu Agentzian izena emanda

Sariketaren beste kategorian, Kazetaritza Lan Onenean, lau finalistetatik honako honi eskuetaratu dio golardoa epaimahaiak:

  • Marisa Kohan, Público egunkariko kazetaria, biolentzia matxistaren kontrako borrokan engaiaturik egin duen kazetaritza-lanagatik.

Ezagutza bereziak

“Tolerancia Cero. Contra el maltrato, la fuerza de todos” kanpainak jaso du genero-indarkeriaren alorrean gehien nabarmendutako Sentsibilizazio Ekimenaren saria. 2015etik, komunikazioaren indarraz baliatu da Antena3 Noticias-ek eta Fundación Mutua Madrileñak sustatutako kanpaina hori, genero-indarkeriaren kontrako sentsibilizazioa sortzeko. Saria jasotzera bertaratu dira Mónica Carrillo, asteburuko albisteen Antena3ko aurkezlea, eta Lorenzo Cooklin, fundazioko zuzendari nagusia.

Edizio honek ezagutza berezi bat egin die, halaber, aurten genero-indarkeriaren biktimen lan-integrazioan Clece-rekin lankidetza estuena izandako elkarteei. Candelita elkartea eta ARED fundazioa izan dira ezagutza horren hartzaileak, bete-betean inplikatu direlako emakumeak, batez ere kolektibo kalteberetakoak, lan-munduan integratzeko eta berregokitzeko ahaleginean.

Azkenik, ezagutza berezi bat egin diote Guardia Zibileko María José Garrido Antón kapitainari, zeina, egun, Delituzko Jokabidearen Analisia sailean dagoen destinatuta, Polizia Judizialaren Unitate Teknikoan (UTPJ). Horrez gain, psikologiako doktorea da, eta eginda dauzka Zientzia Forentsikoen master bat Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta kriminologiako aditu-ikasketak UNEDen. Orobat, “Guía de Primeros Auxilios Psicológicos en Violencia de Género” idatzi zuen (estreinakoz, 2011n argitaratua). Mugarri horrek, aurrekari bat ezartzeaz gain, biktimak babesteari eskainitako ibilbide profesional oso bat markatzen du. Ezagutza berezi honekin batera, gainera, 30 urte bete dira emakumeak Guardia Zibilean sartu zirela.

Betetako konpromisoak

Duela urtebete, III. Konpromiso Sarien galan, Clece-k iragarri zuen asmoa hartu zuela genero-biolentziaren biktima ziren139 emakume kontratatzeko, hurrengo galari begira. Hala, borroka horretan beste urrats bat egitera konprometitu zen.

Ekimenari “139. Proiektua” deitu zioten, zenbaki sinboliko hori bat zetorren-eta genero-indarkeriaren kontrako sariketan Proiektu Sozial Onenaren kategoriara aurkeztu ziren hautagaitzen kopuruarekin. Proiektuaren helburua zen emakumeak erabat suspertzen eta gizarteratzen laguntzea enpleguaren bidez. Konpromiso haren emaitza guztiz arrakastatsua izan da, eta, ekimena iragarri zenetik, genero-indarkeriatik bizirik irtendako 169 pertsona sartu dira konpainian.

KONPROMISO SARIEN IV. EDIZIOA