SANTA MARÍA LA REAL FUNDAZIOAK ETA CLECE‑K AKORDIOA EGIN DUTE LANERATZEA SUSTATZEKO

SANTA MARÍA LA REAL FUNDAZIOAK ETA CLECE‑K AKORDIOA EGIN DUTE LANERATZEA SUSTATZEKO

Santa María la Real fundazioaren Lanzaderas de Empleo  (“enplegu-anezkak”) zuzendariak –Álvaro Retortillo Osuna– eta Clece-ren Ipar-mendebaldeko Giza Baliabideen arduradunak –Leticia San José Barriga– lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur elkarren arteko jarduerak sustatzeko, anezketako parte-hartzaileen enplegugarritasuna eta laneratzea hobetzeari begira.

Santa María la Real fundazioak eta Clece-k lankidetza-hitzarmen bat egin zuen, 2016ko abenduan, zeina aplikatu baitzen fundazioak Espainiako hegoaldean sustatzen eta kudeatzen zituen anezketan. Lortutako emaitza ona izan dela ikusita, bi entitateok beren aliantza zabaldu dute beste lankidetza-hitzarmen bat eginez, penintsulako ipar-mendebalderako.

Egindako akordio horren arabera, Clece-ko boluntarioek lantegi praktikoak emango dituzte zenbait gairen inguruan (enplegua bilatzea, lan-elkarrizketak eta abar) Santa María la Real fundazioak Espainiako iparraldean martxan jartzen dituen enplegu-anezketan, zeinetan lankide eta finantzaketa-lagun baititu zenbait administrazio publiko eta/edo alor pribatuko erakunde.

Halaber, Clece-k programako parte-hartzaileei aukera emango die enpresak ipar-mendebaldean sortzen dituen lan-bitartekotzako prozesuetan eta enplegu-eskaintzetan esku hartzeko.

 

Aliantza estrategikoa

Álvaro Retortillok adierazi duenez, Clece-rekin hegoaldean egindako akordioak oso emaitza onak izan ditu, tarteko direla bai konpainiako boluntarioek eta langileek parte-hartzaileekin partekatutako esperientzia eta aholku baliotsuak, bai erregistratutako lan-aukerak eta lan-txertatzeak berak. «Aurrekari on horiekin, Clece-rekin dugun aliantza zabaltzen dugu orain, lankide eta bazkide estrategikoa baita, gauzatzen dituen askotariko arlo eta jarduerengatik, eta konpromiso sozial berezia duelako langabeziaren kontrako borrokan».

Leticia San José Barriga, ipar-mendebaldeko giza baliabideen arduraduna, pozik agertu da, zeren posible izan baitute «fundazioarekin duten lankidetza beste zona batzuetara hedatzea, eta, hala, lagundu ahal izan dugu lan-anezkak hitzarmen berriaren esparruan sendotzen. Uste dugulako anezkak baliabide egokiak direla lan-txertaketa sustatzeko. Batez ere zenbait kolektiborentzat, hala nola gazteentzat, zailtasun handiak baitituzte lan-merkatuan sartzeko, eta langabezia-tasa handienetako bat baitute Eurogunean. Proaktibitatea, berrikuntza eta ekintzailetza dira aukera-falta hori erremediatzeko bideak, enplegu-anezken programan argi ikusten denez».

 

Enplegu-anezkak direla eta

Enplegu-anezkak 2013an sortu ziren Santa María la Real fundazioan –hamarkada batzuk lehenago lantegi-eskolak sortu zituen erakundea bera– berrikuntza sozialerako eta lan-orientaziorako programa gisa, langabetuei honako hauetan laguntzeko: langabeziaren bakartasunetik irteten, autoestimua berreskuratzen, lan-bilaketa berriekin aktibatzen eta optimizatzen, horretarako erabiliz lan-merkatuaren beharrizanetara egokitutako teknika eta tresna berriak.

Martxan jarri zenetik gaur egunera arte, Santa María la Real fundazioak 440 enplegu-anezka ipini ditu abian estatu osoan, zenbait administrazio publiko eta erakunde pribaturekin elkarlanean. Hala, 9.000tik gora langabeturengana iritsi da, eta, batez beste, ia % 60ko lan-txertaketa erdietsi.