LEGEAK LAN-INTEGRAZIO KONTUETAN DIOENA ABIAN JARTZEKO BORONDATEA FALTA DA

LEGEAK LAN-INTEGRAZIO KONTUETAN DIOENA ABIAN JARTZEKO BORONDATEA FALTA DA

Legea bete behar da lan-integrazio kontuetan: kontratazio-agirien bidez eta hesi fisikoak ikuskatuz eta kenduz, dibertsitatea duten pertsonek beren lanpostuetara iristeko modua izan dezaten: horixe izan da “Clece Integrazioaren alde” VI. Foroan ateratako konklusio nagusietako bat. Foroa, “Enplegua, integraziorako ate” leloa hartuta, Palmako CaixaForum en egin da joan den apirilaren 25ean, asteartea.

Clece enpresak antolatzen duen Foroak dibertsitate funtzionala duten pertsonen lan-integrazioan inplikatutako hainbat eragile bildu ditu, kolektibo horretako pertsonek lan-munduan dituzten hesi eta aukerei buruz hitz egiteko. Han izan dira zenbait alorretako ordezkariak: Administrazio Publikoa, enpresa pribatua, eragile sozialak eta kolektibo horretako langileak.

Besteak beste, hauek hartu dute parte ekitaldian: Mercè Borràs, Palmako Udaleko Ongizatea eta Eskubide Sozialak arloko zuzendaria; Isabel Castro, Balear Uharteetako Gobernuko Lana, Ekonomia Soziala eta Lan Osasuna arloko zuzendari nagusia; José María González Navarro, Palma Mallorkako Institut Municipal de l’Esport (IME) erakundeko gerentea; Manuel Zafra, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Balear Elkarteko (ASPROM) presidente ohia –elkarte horrek Ramon Llull saria jaso du 2017an–, eta Cristóbal Valderas Alvarado, Clece-ko presidentea. Bertan izan dira, halaber, Mª Susana Sánchez Pons eta David Juan Nicolás Seguí, biak Clece-ren CISBA Enplegu Zentro Bereziko langileak.

Topaketan, agerian jarri da nola desgaitasuna dutenen enplegu- eta langabezia-tasek erakusten dituzten balioak nabarmenki negatiboak direla gainerako biztanleenekin alderatuta. Hala, desgaitasuna dituztenen kolektiboan enpleguak duen jokamoldeari buruz egindako azken laginaren datuen arabera (INE, 2015), pertsona horien lan-inklusioa konpondu gabeko kontua da oraindik gizarte espainiarrarentzat. Zehazki, kolektibo horren langabezia-tasak hamar puntutan gainditzen du estatuko batezbestekoa (% 31).

Bere aldetik, Isabel Castrok, Balear Uharteetako Gobernuko Lana, Ekonomia Soziala eta Lan Osasuna arloko zuzendari nagusiak, hau nabarmendu du: “administrazioak bermatu eta hobetu behar ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonen enplegagarritasun-baldintzak”. Horrez gain, adierazi duenez, uharteetako Gobernuak garrantzi handia ematen dio orain kontratuetan klausula sozialak sartzeari. Hala eginda, bermatu nahi da lehiaketa publikoetara aurkezten diren enpresek indarrean dagoen araudia betetzen dutela laneratzeari dagokionez, bai eta hitzarmen kolektibo guztiak ere. “Balio handiena ekartzen diguten enpresak kontratatu nahi ditugu”, esan du amaitzeko.

José María González Navarrok, Palma Mallorkako Institut Municipal de l’Esport (IME) erakundeko gerenteak, berriz, hau adierazi du: “lehenengo gauza da dibertsitate funtzionala duten pertsonei hesi fisikoak kentzea, eta gero laneratzea sustatzen duten politika sozialak aplikatzea. Beste aldetik, haren esanetan, “pedagogia handia behar da, zeren gaur egun ezjakintasun handia baitago desgaitasuna duen kolektiboaren arazoei buruz”.

“Administrazioek, kontratazio-agirien bidez, laneratzea sustatzeko ahalmena dute, eta lizitazioaren zenbatekoa bat etorraraz dezakete eskatutako zerbitzuen kalitatearekin. Enpresok ez ditugu baldintzak jartzen, agiriak eskatzen duen horretara egokitzen gara”, adierazi du Cristóbal Valderas Clece-ko presidenteak. “Laneratzeari dagokionez legeak dioena abian jartzeko borondatea falta da”.

“Guk ulertzen dugun moduan, gure jarduera kategoria berria da ia-ia, laugarren sektorea, zeinak konpainiaren enpresa-jarduera eta orientazio soziala ibateratzen dituen, proiektu sozialaren iraunkortasuna bermatzeko”, erantsi du Cristóbal Valderasek.

Manuel Zafrak, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Balear Elkarteko (ASPROM) presidente ohiak, azpimarra jarri du Desgaitasunaren Lege Orokorra enpresen aldetik betetzeak duen garrantzian. Lege hori 35 urtetik gora egon da indarrean eta gaur egun ez da betetzen oro har. Manuelek esan duenez, oso garrantzitsua da administrazioak lege hori betetzen lehenak izatea.

Palmako Udaleko Ongizatea eta Eskubide Sozialak arloko zuzendari Mercè Borràsen ustez, gakoa hau da: “enpresekin elkarlanean eta koordinaturik jardutea”.

Desgaitasuna duten 201 langile Balearretako Clece-n

Foroaren abiaburua Clece Social da, konpainiaren proiektu soziala, eta honako hauek ditu xede: kolektibo sozialki desabantailatuak (adibidez, desgaitasuna duten pertsonak, gizarte-bazterketa arrisku dutenak, genero-indarkeria pairatzen duten emakumeak eta iraupen luzeko gazte langabeak) eta arreta-premia bereziak dituzten kolektiboak (esaterako, haurrak eta adinekoak). Haientzat, konpainiak lau jarduera-lerro gauzatzen ditu: Pertsonen Enplegagarritasuna, Integrazioa, Sentsibilizazioa eta Zaintza.

Testuinguru horretan, Clece-k lan-integrazioaren alde egiten duen ahaleginari esker, gaur egun, bere langileen % 9,6 baino gehiago kolektibo horietatik datoz. Espainia osoan dituen 71.982 enplegatuetatik, 6.926 langile integraziokoak dira eta 5.500 inguruk desgaitasunen bat dute. Balearren kasuan, non Clece-k Lireba markaren eta CISBA Enplegu Zentro bereziaren bitartez diharduen, 998 enplegatu ditu, zeinetatik 198k desgaitasunen bat duten (langile guztien % 20).

Mª Susana Sánchez Pons eta David Juan Nicolás Seguí langile horietako bi dira eta CISBAk kudeatutako kafetegietan egiten dute lan. Susana hegazkineko zerbitzaria zen harik eta, Epilepsia Partziala diagnostikatuta, lanpostua utzi behar izan zuen arte. “6 urte egon nintzen lanik lortu ezinik, eta are baztertu ninduten lan-aukera batetik, desgaitasun bat neukala esan nienean. Neure burua ezbaian jartzera iritsi nintzen. Lana lortzea, azkenean, askapen pertsonala izan zen niretzat”.

Bere aldetik, David Juan Nicolás eraikuntzako langilea zen harik eta Artritis Erreumatoidea diagnostikatu zioten arte; epaimahai mediko batek ebatzi zuen ez zela ordura arteko postuan aritzeko gai. Kolpe latza izan zen harentzat. Daviden hitzetan, “oso gaztetik lanean jardun ondoren, eta gertatutako desgaitasunak betetzen nuen postuarekin jarraitzea eragotzi zidanetik, askoz gehiago baloratzen dut orain lana”.

David eta Susanaren iritziz, “gakoa da pertsonek amorerik ez ematea zoritxarraren aurrean, eta borrokatzen jarraitzea. Ahaleginak merezi du”, adierazi dute.

Galería VI Foro por la Integración