Profesionalen inplikazioa, aurrera egiteko giltzarria: adinekoengan zentratutako arreta integraleko eredu baterantz

Profesionalen inplikazioa, aurrera egiteko giltzarria: adinekoengan zentratutako arreta integraleko eredu baterantz

Clece-k, Pilares Fundazioarekin elkarlanean, bai eta Las Palmas Kanaria Handiko eta Tenerifeko Kabildoetako Arreta Sozial eta Soziosanitarioko Institutuekin (ASSI) ere, Pertsonarengan Zentratutako Arreta Integraleko Ereduari (PZAI) buruzko I. Jardunaldiak antolatu ditu, eztabaidatzeko nola egin daitekeen aurrera adinekoarengan zentratutako arreta integraleko eredu batean eta nola erantzun haien premia eta lehentasunei etxeko zein egoitzetako arretan

Kanaria Handia, 2016ko ekainaren 23a. Profesional trebatuen inplikazioa da aurrera egiteko giltzarria, adinekoarengan zentratutako arreta gerontologiko integraleko eredu baten barruan. Hori izan da konklusio nagusietako bat “Pertsonarengan Zentratutako Arreta Integraleko (PZAI) Eredua eta honen aplikazioa Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ), egoitzetan eta eguneko zentroetan” I. Jardunaldietan, zeinak ekainaren 20an egin diren Kanaria Handiko El Sabinal Zentro Soziosanitarioan eta ekainaren 22an La Lagunako Los Dolores Ospitalean, Tenerifeko uhartean.

Bi topaketok, Clece-k antolatuta Pilares Fundazioarekin eta Kanaria Handiko (ASSI) eta Tenerifeko (ASSI) Kabildoekin elkarlanean, oso harrera ona izan dute alor soziosanitarioko profesionalen artean. Horietan, eztabaidatu egin da esku-hartze gerontologikoaren ikuspegian aldaketa bat sustatzeko beharraz, horretarako pertsonarengan zentratutako arreta eredu integralago bat ezarririk, zeinak adinekoa ipintzen duen arretaren erdigunean, haren autonomia ahalbidetuz, haren independentzia bultzatuz eta egunerokotasunaren eginkizun terapeutikoa nabarmenduz. Halaber, hainbat esperientzia partekatu dira, bai eta etxean zein zentroetan arreta ereduaren aplikazioak izandako emaitzak ere.

«Clece-n arreta ematen diegu 110.000tik gora adinekori, bai egoitzen eremuan, bai etxeko laguntza-zerbitzuen bitartez. Sektoreak eraldaketa handia izan du azken urteetan, baina aurrera egiten jarraitu behar da, eta berebiziko rola eman behar zaio profesionalen jardunbideek helburu dituzten banakoen autonomiari. Denon artean, adinekoa bere arretaren, bere bizi-planaren parte aktiboa bilakatzea ahalbidetu dezakegu», adierazi du Daniale Macías Clece-ren delegatu sozialak.

Jardunaldian, Pilar Rodríguez, Pilares Fundazioko zuzendaria, eta Clarisa Ramos, Alacanteko Unibertsitateko Gizarte Lana eta Gizarte Zerbitzuak departamentuko irakaslea, PZAI ereduaren kontzeptualizazioaz aritu dira, eta esplikatu dute zein diren metodologia eta aplikazio-tresnak etxeko laguntza-zerbitzuetan, egoitzetan eta eguneko zentroetan. «Bada kontsentsua arreta gerontologikoa definitzen duten printzipioen gainean: hala nola pertsonalizazioa, integritatea eta autonomiaren sustapena. Dena den, zail samarra izaten da horiek zerbitzuetan eta zentroetan praktikara eramatea egunez egun, zeren askotan antolaketa- eta lan-arau anitzen mende egoten baitira, bai eta laguntzako errutinen mende ere», azaldu du Pilar Rodríguezek.

Horren haritik, zaintzaile profesionalen rola funtsezkoa da eredua aplikatzeko orduan. Adinekoekin edo mendetasun egoeran dagoen edozein pertsonarekin duten harreman estu eta jarraituari esker, garrantzizko informazio-iturri bihurtzen dira arreta pertsonalizatu ahal izateko, eta adinekoen inplikazio aktiboaren dinamizatzaile.

Autonomia Pertsonalerako Pilares Fundazioa irabazi-asmorik gabeko organizazioa da, eta helburua du giza bizitzaren duintasuna sustengatzea, pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua aplikatuz zahartzearen eta desgaitasunaren eremuetan.