CLECE-k Compromiso Sariak eman dizkie sozialki kalteberak diren taldeak gizarteratzeko lanean gehien nabarmendu diren proiektuei

CLECE-k Compromiso Sariak eman dizkie sozialki kalteberak diren taldeak gizarteratzeko lanean gehien nabarmendu diren proiektuei

  • Desgaitasunak, Gizarte Bazterketa, Genero Indarkeria eta Adindunak kategorietako sariak hurrenez hurren egokitu zaizkie Dedines, Línea 10 eta Victoria Fuenlabrada elkarteei eta Vianorte-Laguna fundazioari.
     
  • Epaimahaiak, instituzioetako zein gizarte zibileko pertsona esanguratsuz osatutakoak, 157 hautagaitza aztertu ditu.

Madril, 2015eko martxoaren 3a. Clece-k bere Compromiso Sariak eman zituen atzo egindako zeremonian. Lehen edizio honetan, sariak eraman dituzte Dedines, Línea 10 eta Victoria Fuenlabrada elkarteek eta Vianorte-Laguna fundazioak, sozialki kalteberak diren taldeen alde egindako lanagatik.

Sariketaren helburua da errekonozitzea Madrileko Erkidegoan irabazi-asmorik gabe diharduten entitate sozialek eta erakundeek egiten duten lana lau arlo hauetan: desgaitasunak dituzten pertsonen gizarteratzea, genero-indarkeria jasaten duten emakumeak, gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonak eta adindunak. Sariok CLECE-ren errealitate sozialaren ispilu gisa sortu dira; izan ere, konpainiak talde kalteberetako 5.000 pertsona baino gehiago integratzen ditu bere langile-zerrendan. «Hobetze eta arrakasta istorio sinestezinak dituzten gizon-emakumeak, zeinak harrotasun eta ahalegin eredu baitira CLECE den familia eskerga honen parte garen guztiontzat», nabarmendu zuen Cristóbal Valderas CLECE-ko presidenteak.

«Gure konpromiso soziala honetan datza: gizarte-zerbitzu publiko bat edo baldintza-orri bat baino harago joatean. Administrazio Publikoa eskuarki ezin iritsi den puntura iristean», adierazi zuen Valderasek. «Behin gizarte-zentro batetik igaro direnean, zirkulua ixten saiatzen gara. Nola? Taldeok benetan integratuz gizartean, gure konpainian lan egiteko aukera emanez», gaineratu zuen.

Madrileko Teatros del Canal zentroan Constantino Mediavilla kazetariaren gidaritzapean egindako galan, CLECE-k lehen edizioko finalistak eta sariztatuak iragarri zituen. Sariak honako hauek eman zituzten: Irene Villa epaimahaiko buruak, Desgaitasunak kategorian; Dolores Navarro Madrileko Udaleko Familia eta Gizarte Arazoak saileko zinegotziak, Gizarte Bazterketa kategorian; CLECE-ko presidente Cristóbal Valderasek, Genero Indarkeria kategorian; eta Jesús Fermosel Madrileko Erkidegoko Gizarte Arazoak saileko buruak, Adindunak kategorian.

«Zorionak aurkeztutako proiektu guztiei. Zorionak borrokan aritzen zaretenoi, elkartasunaren eta konpromisoaren bitartez, mundu gero eta handiago bat lortzeko. Zuon lanarekin hesi guztiak gainditzen laguntzen diguzue», adierazi zuen Irene Villak, epaimahaiko buruak.

Proiektu sarituak
Epaimahaiak, instituzioetako zein gizarte zibileko pertsona esanguratsuz osatutakoak, lau irabazleak aukeratu ditu 157 hautagaitza aztertu eta kategoria bakoitzean bost finalista hautatu ondoren. Hauek dira saridunak:

  • Dedines elkartea, “Campamento de Verano 2015” proiektuagatik (“Udalekua 2015”), Desgaitasunak kategorian. 2009an sortu zenetik, Dedines elkarteak premia bereziak dituzten haur desgaituen defentsan jardun izan du. Duela bi urtetik hona, udalekuak antolatzen ditu elkarteko afiliatuentzat –egun, desgaitasunen bat duten 45 haur–. "Campamento de Verano 2015" proiektuarekin udalekuak antolatzen ditu, langile kualifikatuak eta material espezifikoa erabiliz desgaitasun anizkoitzak dituzten haurren premia bereziei erantzuteko.
  • Línea 10 elkartea, “Nuevo Camino 2015” proiektuagatik (“Bide Berria 2015”), Gizarte Bazterketa kategorian. Elkarte hau Jasokundearen Karitateko Ahizpek sortu zuten, zeinek hiri-aldirietan lanean diharduten bazterketa pairatzeko arriskuan dauden familiei lagunduz. Zehazki, “Nuevo Camino” proiektua orain dela lau urtetik hona gauzatu izan da Madrileko Usera barrutian, arriskuan dauden adingabeak dituzten familien gizarteratzea faboratzeko, bai akonpainamendu sozialaren bidez, bai gizarte eta hezkuntzazko interbentzioak eginez etxeetan nahiz elkartearen egoitzan bertan. Programa honen onuradunak 35 familia eta 3-12 urte bitarteko 45 adingabe dira.
  • Victoria Fuenlabrada elkartea, “Bienestar, integración empoderamiento y emancipación de las mujeres víctimas de violencia de género” proiektuagatik (“Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen ongizatea, integrazioa, ahalduntzea eta emantzipazioa”), Genero Indarkeria kategorian. Elkarte honek, genero-indarkeriari lotutako emakumez osatutakoak, programa bat eskaintzen die biktimei, beraien premia larrienen ebaluazioa egin eta laguntza emateko hainbat jardueren bidez, besteak beste: ongizate-lantegiak, lana bilatzeko eta laguntza emozionala emateko lantegiak, autobabesa eta defentsa pertsonala, eta aholkularitza juridikoa.
  • Vianorte-Laguna fundazioa, “Equipo Médico-Terapéutico a Domicilio del Hospital Centro de Cuidados Laguna para personas dependientes” proiektuagatik (“Mendeko Pertsonentzako Laguna Arreta Zentro eta Ospitaleko Etxez Etxeko Talde Mediko-Terapeutikoa”), Adindunak kategorian. Vianorte-Laguna fundazioa irabazi-asmorik gabeko entitatea da, zeinak zaindu eta artatzen dituen gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonak, adindunak, eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten eriak. Proiektu honekin, Mendeko Pertsonentzako Laguna Arreta Zentro eta Ospitaleko talde mediko-terapeutiko batek etxez etxeko arreta-zerbitzuak ematen dizkie sozialki kalteberak izanik terapia-premian dauden eta mugikortasun urria duten mendeko pertsonei. Zerbitzu bateratu bakoitzeko, zuzeneko 5.265 onuradun potentzial daude.

Lau proposamenok 6.000 bana euroko diru-hornidura jaso dute, bai eta golardo bana ere, José Miguel Utande artista madrildarrak diseinatu eta desgaitasunak dituzten pertsonen elkarte batek garatuta. Epaimahaiak ekimenen balio soziala eta irismena baloratu dituzte. Irene Villa, Dolores Navarro eta Cristóbal Valderasekin batera, honako hauek aritu dira epaimahaian: César Antón, Imserso-ko presidentea; Carmen Balfagón, Madrileko Erkidegoko Gizarte Arazoak saileko zuzendari tekniko orokorra; Matilde Fernández, PSOEko diputatu Madrileko Batzarrean eta Parlamentuko Talde Sozialistaren eleduna; David Casinos, hizlari eta atleta paralinpikoa, jaurtiketa, pisua, diskoa eta mailua espezialitateetan aritzen dena; eta Pedro Montoliú, espainiar kazetari eta Madril Hiriko kronikagilea.

Konpromisoaren emaitza
Compromiso Sariak CLECE-ren konpromiso sozialaren parte dira, zeina lau zutaberen inguruan ardazten den: enplegagarritasuna, integrazioa, sentsibilizazioa eta pertsonen artatzea.

Hainbat urtetan konpainiak talde desfaboratuen lan-integrazioa bultzatu izan du, lan-aukerak eskainiz desgaitasunak dituzten pertsonei, gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan daudenei eta genero-indarkeriaren biktimei. Gaur egun, talde horietako 5.000 pertsona baino gehiago daude CLECE-ren ia 70.000 enplegatuen artean. Konpromiso hori gauzatzeko, CLECE elkarlanean aritzen da 200dik gora elkarte, fundazio, entitate sozial eta erakunde publikorekin. Madrileko Erkidegoan, CLECE-k 11.300 langile baino gehiago ditu; haietatik 700 lagun talde desfaboratuetatik datoz.

Talde horiez gain, CLECE bereziki sentsibilizatua dago adinduen zainketarekin. Bere jardueran, egunero 87.000 adindun baino gehiago artatzen ditu zahar-etxeetan, eguneko zentroetan edo etxeko laguntzaren arloan ematen dituen zerbitzuetan; pertsona horientzat hainbat jardunbide gauzatzen ditu (lantegi okupazionalak, nazioarteko topaketak, terapia aurreratuak, etab.), administrazioarekin hitzartutako zerbitzu soziala ematea baino harago doazenak, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta autonomia eta gizarteratzea faboratzeko helburuarekin.