Musikak oroitzapen eta bizipenak hurbiltzen dizkie Alzheimerra dutenei

  • Ekimenak, zeina Malagako Diputazioak eta Clece-k antolatu duten, 350 lagun inguru elkartu ditu Edgar Neville Auditorioan.
     
  • Jardunaldiek azpimarratu nahi dute zein garrantzitsua den Alzheimerrak jotakoen “zaintzailea zaintzea”.
     
  • Musikaterapiak sozializazioa sustatzen du; beste onura batzuen artean, buruestimua areagotu, mugikortasuna hobetu eta oroimena bizkortzen du.

Malaga, 2014ko irailaren 23a. Musikaterapiaren onurak eta Alzheimerra duten pertsonen “zaintzailea zaintzearen” garrantzia izan dira Alzheimerdunen Familientzako II. Jardunaldien ondorio nagusietako bi. Ekimenak, zeina Malagako Diputazioak eta Clece-k antolatu duten, 350 lagun inguru elkartu ditu Edgar Neville Auditorioan.

Auditoriora joan dira, beste agintari batzuen artean, Malagako Diputazioaren presidentea, Elías Bendodo, presidenteorde eta Eskubide Sozialen diputatu den Ana Carmen Mata eta Zerbitzu Sozialen zuzendari Ana María Jiménez. Aurkezpen ofizialaren ondoren, eguneko bi hitzaldiei utzi zaie lekua: “Alzheimerra duten gaixoen zaintzailearen jardunbide egokiak”, Fuengirolako Alzheimerdunen Elkarteko Mª José Domingo Ruiz de Mier psikologoak emana, eta “Musikaterapiaren onurak Alzheimerra dutenengan”, psikologoa ere den Sonia Buil Martínez-en eskutik.

Alzheimerren gaixotasuna duten pertsonen zaintzaileentzat eta ahaideentzat gomendatzen diren jardunbide egokien artean, “zaintzailea zaintzearen” —eta zaintzaileari bere burua zaintzen irakastearen— garrantzia izan da Mª José Domingok nabarmendutako puntuetako bat. Alor horretan, azpimarratu du kontziente izan behar dugula norbere burua zaintzeak duen garrantziaz. Beste norbait zaintzeko, eta kalitateko babesa emateko, ezinbestekoa da zaintzaileak bere burua ere zain dezala, zeren, norbera ondo ez badago, zaila izango da ahaide baten zaintza bere gain hartzea. Horregatik funtsezkoa da osasun fisikoa zein emozionala zaintzea, egunero tarte bat utziz, esaterako, ariketa egiteko, zaletasun batean aritzeko eta harreman sozialak izateko. Zaintzaileak denboratxo bat gorde behar du beretzat. Ez da egiteko erraza zaintzaren zamarik handiena daramanarentzat, eta beharrezkoa da laguntza bilatzea, hala etxekoengan nola kanpokoengan.

Bere aldetik, Sonia Builek musika bidezko terapiaren onura batzuk azaldu ditu, besteak beste, ezagutzaren eta zentzumenen estimulazioa, komunikazioaren eta sare sozialen hobekuntza, oroitzapen eta bizipenen gogoramena, buruestimu handiagoa, funtzio higiarazleen eta mugimendu-koordinazioaren hobekuntza, adimenduaren eta ezagutzaren estimulazioa, eta erlaxazioa.

Munduan badira 44 bat milioi Alzheimerdun, eta 600.000 pertsonatik gora Espainian. Baina gaixotasun honek, hura pairatzen dutenei ez ezik, haien ahaide eta zaintzaileei ere erasaten die, eta horiek maiz nozitzen dituzte gaixoa zaintzetik eratorritako arazo fisiko, psikologiko, ekonomikoak, etab. Horregatik, 2013ko esperientzia arrakastatsuaren ondoren, jardunaldien bigarren aldi hau egin da, helburua delarik eskaintzea eritasunen fase bakoitzean gaixoek behar duten arreta eta zainketari buruzko ezagupen teknikoak, eta, aldi berean, eskura jartzea zaintzaileen bizitza hobetzeko balio dezaketen estrategiak.

Gainera, jarduera hau sartzen da Diputazioak irailaren 21erako (Alzheimerraren Nazioarteko Eguna) antolatu dituen ekitaldien barruan.